Aniztasuna zer den galdetu zigun beste egunean gure
irakasleak. Denok zer esan jakin gabe geratu ginen momentu batean eta hortaz
hitzen zerrenda bat egiteko eskatu zigun. Denbora tarte batean pentsatzen aritu
ginen eta honako hitz hauek atera ziren arbelean idazteko: Onarpena, balioak,
inklusioa, egokitzapena, tolerantzia, errespetua, aberastasuna, enpatia,
desberdintasuna/berdintasuna eta askatasuna.
Hitz potoloak denak ezta? Ez da erraza kontzeptu zehatz bat
definitzen eta are gehiago, egunerokotasunean ez dugunean behar beste
erabiltzen eta ezkutatzen saiatzen garen. Edo beste modu batera esanda, nahiz
eta hitz hauek behin eta berriro entzun teorian, benetan ba al dakigu praktikan
jartzen? Aniztasunaren inguruan bildu ditugun hitz guzti hauek guztiok ezagutzen
ditugu eta jakina da aniztasuna lantzeko ezinbestekoak direla, baina zer da
benetan aniztasuna?
Aniztasuna gizartean parte hartzen duten pertsonek ditugun
desberdintasunek osatzen dute. Hau da, pertsona bakoitza, bakarra da, bakoitzak
bere ezaugarriak ditu, eta hortaz, bere beharrak. Ondorioz, ezaugarri desberdin
anitz aurki ditzakegu gizarte edo talde jakin batean eta horrek, hain zuzen
ere, aniztasuna sortzen du. Aniztasuna kolektiboari dagokio.
Gizarte anitz batean bizi garenez, geure ikasgela ere
aniztasunaren isla izango da. Horren ondorioz, irakaslearen rola ezinbestekoa
izango da ikasleak aniztasun honen aberastasunaz jabetzeko, onartzeko eta
bizikidetzarako balio positiboetan hezteko. Oso garrantzitsua da haurrek kontu
hartzea gure gizartean oso ezberdinak garen pertsonak bizi garela eta ez dugula
inor baztertu behar, baizik eta enpatiaz, errespetuz eta laguntasunean jokatu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario