Transexualitatea zer den, denok entzun dugu maila batean ala bestean, baina horren inguruan zehazki eta sakon gutxitan hitz egin izan dugu, gaia nahiko tabua izan baita ez oso denbora gutxirarte. Hortaz, batzuk gaiaren inguruko informazio gehiagorekin eta beste batzuk gutxiagorekin joan ginen Naizen elkarteko kideen hitzaldia entzutera. Naizen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako haur eta nerabe adingabe transexualen familien elkartea dugu. Bertan hainbat haur eta gaztek aurkitzen dute babesa beraien identitatea eraikitzen daudelarik, aldaketez beteriko prozesu batean.
Haur hauen egoera ez da batere erraza, izan ere, jendarteak estereotipo zein rol anitz atxikitzen dizkigu neskak femeninoak eta mutilak maskulinoak izan behar garela inposatuz. Beraz, sexismoa ematen dela ezin daiteke ukatu. Ez da beraz egoera erraza, euren identitatea bilatzen dutelako, eta horrek zakila duten neskak edo alua duten mutilak izatea dakarrelako.
Haurra jaiotzen den unetik modu batera edo bestera hazten zein hezten dugu. Ondorioz, generoa estereotipoez (arropa esaterako) adierazteko beharra ikusten dute haur hauek, beldurra baitute arropa bat edo beste jartzeagatik, besteek bera sentitzen ez den sexu batekin identifikatzeari. Arroparen bidez oihukatzen dute sentitzen dutena, eurak direna, onarpena bilatuz, hainbat gauza erreprimituz. Aldiz, jendeak onartzean hori oihukatzeari uzten diote, entzunak izan nahi dute besterik gabe, eta diren bezalakoak onartzea, guztiok nahi dugun bezalaxe. Nor gara bada gu norbaiten identitatearen inguruan erabakiak hartzeko?
Prozesu guzti horretan oso garrantzitsua da gurasoen rola. Bada, gurasoak haurren sexualitatea onartzea beharrezkoa da haurra onartu nahi bada. Haurraren bidelagun izan behar dute gurasoek, entzunez eta errespetatuz, bidean lagunduz eta aukerak emanez; baina ez beraien sexu identitatea aukeratuz, hori inolaz ere ez. Hortaz, oraindik ere lan handia dago aurretik eta ezinbestekoa da gurasoengandik hastea, hauek kontzientziatuz beraien haurrak diren bezalakoak onartu eta maitatu behar dituztela argi utziz, haur guztiek behar dutena horixe baita. Beraz, definitu behar direnak gurasoak dira, eta ez haurrak; haurrek badakite zer, nola, noiz… nahi duten.
Ezin diogu uko egin begiradaz eta honek dakarren epaiketaz inguraturik dagoen jendartean bizi garela. Ondorioz, norberak izan nahi duena edo egiten duena epaitzen dugu uneoro, gizarte honetan erabaki dugulako hainbat gauza “normatibotik” ateratzen direnak gaizki daudela. Erabaki horri buelta eman beharra dago. Bakoitzak egin dezala nahi duena, gainerakoei oztopatu gabe, egiten utziz; norberak nahi duen bezalakoa izatea onartu eta errespetatu behar dugu, horrek ez baitio inori minik egiten. Gu ez baikara inor norbaiten identitatearen eraikuntzari uko edo mespretxu egiteko.
Lehenago aipatu bezala, etiketek edo estereotipoek pisu handia dute jendartean, horrekin batera epaitzen dugulako jendea. Gauza bat da guk, kanpotik, nola ikusten dugun jendea; alegia, itxura fisikoa. Eta beste bat, nolakoa den pertsona, zer sentitzen duen, nola sentitzen den. Aurreiritziek duten abantaila ukaezina da, sailkapen bat egiten dugu begi bistan eta momentuan ikusten dugunaren arabera.
Kasu honetan, gizon emakume binarismoa guztiz barneratua dugu, baita horrek dakarren esandako etiketa eta esteoreotipoen kontrola ere. Binarismoan eroriz gero, intersexualitatea baztertu egiten dugu, ezaugarri jakin batzuk ezarriz bai emakume zein gizonezkoei. Intersexualitatea beharrezkoa dela deritzogu; izan ere, denok ditugu ezaugarri maskulino eta femeninoak. Ez dago ezaugarri femeninoa soilik emakumearentzat edota alderantziz. Gauza ez da zuria edo beltza, baizik eta erdibidean dauden kolore guztiak ere hor daude, eta kontuan hartu beharrekoak dira.
Transexualitatea gaur egun ere oraindik zenbait lekutan onartu gabe dagoen kontzeptua da, gaixotasun bat izango balitz bezala hartuz. Datu interesgarri bezain gordina dugu honako hau: emakume/mutil transexualen bitik bat bere buruaz beste egiten saiatu da noizbait. Gure jendarte ustel eta krudelaren isla dugu hau. Ez ezazu begiratu beste alde batera. Bai, bitik bat, irakurri duzun bezala. Zer pentsatua eman dizu ezta? Bada, badakizu, onartu ezazu zeure burua, onartu itzazu beste guztiak eta orduan hasiko gara elkar ulertzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario